|
2006ko ekainaren 16an Eusko Jaurlaritzan egindako Osoko Bilkuran ez-legezko proposamen hau onartu zuten aho batez: “Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Euskadiko osasun-sistema publikoaren benetako egoerari buruzko txostena aurkez dezala. Txosten horrek bildu beharko ditu azken urteetako egoeraren ebaluazio globala, etorkizuneko orientazioak eta legegintzaldi honetarako hazkunde-planak, bai langileriari bai inbertsioei dagozkienak”.
Ondorioz, dokumentu honek Legebiltzarrean eskatutakoa betetzea du xede. Azken urte hauetan izandako garapenaren ikuspegi orokorra ematen du, eta, halaber, datozen urteetan hartu nahi den bidea erakusten du.
Horretarako, bi kapitulu handitan egituratzen da txostena:
- Lehenak deskribatzen ditu Osasun Sistemak azken urteetan izandako garapena, politika-orientazioak, helburuak eta hartutako konpromisoak; euskal herritarren osasun-egoera; sistemak garatutako jarduera; eta hori lortzeko erabilitako baliabideak. Azpiegiturei eta pertsonen kudeaketa-politikari bereziki erreparatzen die, eta Euskadiko Osasun Sistemak egindako lanaren ebaluazio eta balorazio orokorrak eskaintzen dituzten adierazle bereziekin amaitzen da.
- Bigarrenean, berriz, etorkizuneko orientazioak aipatzen dira, eta langileriaren nahiz inbertsioen gaineko hazkunde-proiektuei aipamen berezia egiten zaie.
|